02/01/2019





************************



OLERKI GALDERA










Olerkari laguna,
Datorren urteko 22. "Hatsaren Poesia" olerki-bilduma liburua elkarrekin sortzea proposatzen dugu beste behin ere, urteberriaren bezperetan. Beti bezala, itxaropen handi batekin pentsatzen dugu olerkari aunitzen oihartzuna ukaitea. Bestalde, datorren urteko SAR-HITZA hatsakide dugun Itziar Gomez olerkariari egokitu zitzaion, eta liburuaren azalerako argazki esanguratsu edo ederrik baduzue, igorri era berean lasai. 
Honako hau galdegiten dautzuegu: 
1. Olerki bat bederen igorri, edo bizpahiru ere bidal diezagukezu, eta horrekin batera biografia labur bat, gehienez ere lauzpabortz lerro.
2. Zure aurpegiaren argazki bat ere. 
Azken epea bidaltzeko helbide honetara 2020ko Urtarrilaren 15a izanen duzue.
Gure helbidea:
Hatsa elkartea. Oxtikenea Fr 64310 Eh Senpere
edo Internetez: hatsarenpoesia@gmail.com
Baldintzarik gabe eta zentsurarik gabe olerki guziak apirilaren lehen igandez, ohitura den bezala, 2020ko apirilaren 5ean, 'Hatsaren Poesia' egunean publikatuak izanen dira. Zure inguruan diren olerki idazleei mezu hau zabaldu ! Denontzat tokia izango da liburuaren barnean! 

OROITU: urte xahar honetako azken bi hitzordu poetiko ditugula Lapurdin datorren abenduaren 28an, larunbatean... bata, 12:00etan Baionako Epaiska tabernan MUXUAK sentikaria, eta bigarrena 15:00etan Senpereko Larraldean aurtengo azken HATSAREN POESIA TAILERRA. 

"Hatsa"ren 12 garen olerki tailera, 
Senpere Larraldean 
Abendoaren 28an


Inozenteen egunean ere olerkiak idazten dira !


Urteko azken tailera honetan, Eukene eta Sabinen  urratsek bultzatu gaituzte Herodosen

krudeltasunaren bidetik  baztertzera, bai trufa eta txantxetako egoera guzietarik at iragaitera. Sua ginuela lagun,  Larraldeko subazterra  bete dugu hitz filosofikoz, burutazio pertsonalez....berriz ere, denen mundu hau, gure modura ikusiz eta aldatuz.... Bai beste behin batez ,  pentsatzen dut , Poesia entitatea ,  gure inozentziaren  irudimenez jantzi dugula ! 

                                                             AZ



Sabin Oregi etan Eukene Lizeaga Tamayoren ren kronika
Sua hizketa lagun inozente egunean
Azaroan Auxtinen argazkiak ikustera joan ginenean, agurtze unean, ea abenduan atelierra bazegoen galdetu genion.Erantzuna ezezkoa izan zen. —Baina, zuek egin nahi baduzue...—. Geratzen zitzaigun egun bakarra, Inozenteen eguna zen. Gustura hartu genuen egun hura. —Inozenteak garela ospatzeko—, edo sutondoko goxotasuna errepikatzeko. Agian, biak.
Han iritsi ginen, hirurok: Carmen, Sabin eta Eukene. Auxtin, beti bezala, barnean zegoelarik. Umil umil, pazientziak hartuta, gauzak prestatzen.
Ezer baino lehen, sua piztu zuen. Begira egon ginen, hartu zuen arte. Ondoren, aulkitxoak inguruan ipinita eseri, eta hasi ginen.
Gu, gidoitxo ikasi eta jantzi batekin, azaldu ginen. Non, Herodesen haur erailketa, mitotzat hartzen genuena. Dena den, mamiduna iruditzen zitzaigun gaia jorratzeko. Herodes mitoari buruz, idatzitakoak, eta arte lanak azaldu genituen.
Ondoren, mito horrek gaur egun hartu duen zentzua argitu genuen: Espainian, eta Espainiar izandako kolonietan, abenduaren 28a, txantxak egiteko eguna dela. Alderantziz: Portugal, Brasil, Frantzia, eta anglosaxoi (E.B. Barne) herriek, apirilean ospatzen omen dute txantxa egiteko egun hori.
Hantxe hasi zen, espero ez genuen elkar hizketa aberatsa.
Sutondotik, mahaira pasa ginen. Txokolate beroa eta pastela jatera. Auxtinek, arimaren begiak ireki zizkigun. Libertateaz, hain zehatz, barne libertateaz hitz egiterakoan. Guztiok badugula Herodes izaeraren apurtxo bat. Gure abere aldea dena. Hala eta guztiz, guztiak errugabeak garela zioen.
Eguzkia jeisten zioala, larrosa kolerea hartu zuen, lehiotik sutara begira zegoela zirudien.
Errua, errugabetasuna, jorratzen ari ginela. Emakumearen gahia atera zer, nola ez! Erlijio guztiek gutxiezi egin dutela. Gure kulturan, hemeretzi mende ondoren, bi mende eskasetan, zaila dela, misoginia hori guztiz inkonziente kolektibotik kendu.
Egia erran, han hitz egin genuen guztiari, gorpuzteko denbora emateko beharrean geratu ginen. Horregatik, poemak edo idatziak, etxean egingo genituela, erabaki genuen.
Tarteka, sutondora hurbiltzen ginen, bizkarra berotzeko aitzakiakin.
Alde egiteko gogorik ez bagenuen ere. Arratsa ongi sartua zegoenik, etxeratze bideari ekin genion.
Han geratu zen, gure Auxtin, lasai, lasai, bere gauzetan.


Eukene eta Sabin

Auxtin, Sabin, Carmen , Eukene










**********************************************   
**********************************************  

12 garren "Hatsa"ren olerki tailerra
Auxtin Zamora-rekin







**********************************************  


"Argi "hitz"kiak" erakusketa , Uztaritzen
 
**********************************************  

Imanol Irigoienen gomita  

Lagunok:
Azken urteotan bezala, aurten ere Erakusketa kolektibo berezi baten berri eman nahi dizuet: Pasaiako eta Hendaiako Udalek "12 zm ERAKUSKETA 2019" izenburupean antolatzen dutenarena.
[Parte hartzeko baldintzak: a) bi lan aurkeztu behar dira; eta b) izenburuak adierazten duen bezala, aurkeztutako lanen aldeek –markoa edo euskarria barne– ezin gainditzerik izango dute 12 zm-ko neurria.]

Aurtengoa 24. edizioa izango da.
Erakusketa Pasai San Pedroko Udal Aretoan egongo da jarrita 2019ko abenduaren 13tik 2020ko urtarrilaren 19ra arte, eta ondoren Hendaiako Mendi Zolan Kulturgunean, 2020ko urtarrilaren 29tik otsailaren 15era bitartean. Aurreikusita dago gero, 2020ko martxoren 28tik apirilaren 13ra arte, Argedasen (Nafarroa) jartzea.
Urtero esan ohi dizuedan bezala, erakusketa bitxia dela gogorarazten dizuet, biziki gomendatzen dizuedana: aurkeztutako miniaturazko lanen kolore zein askotariko forma edergarriek gozatzeko aukera paregabea eskainiko dizuete, nik uste, bertara hurbiltzerik duzuenoi.
Bertan bi lantxoekin hartuko dut parte: 
1.- «12 ZM» (R. UGARTE GOGOAN), eta 
2.- «CASTELAO GOGOAN: BERE "AUTOKARIKATURA"OINARRI».

Teknika: akriliko/tinta «DM» taula gainean (2,5 zm sakon.)12 x 12 zm

(Erantsita: Pasaiako Udaletik jaso dudan gonbidapena, informazio gisa.)
Milesker zuen arretagatik.
Imanol Irigoien
(2019ko abendua)


**********************************************  

"Hatsa"ren 11 garen olerki tailera, 
Senpere Larraldean 
Azaroaren 30ean


Uste izan dugu  azken mementoa arte, 11 garren tailera hau , Xabier Soubeleten sinkusatzearen gatik,  ez zela   eginen. Baina, anka sartu dugu :  ttanko, arratsaldean, lau buru , Larraldeko sukaldeko subazterrean, agertu zizkigun : Ainara, Auxtin, Eukene   eta Sabin ... Lau izanez, suerteak eman zigun ere parada, Lauburu baten itxura duen argazki baten aurrean, pentsaketa batzu  egiteko eta olerki bana idazteko..(Hauk datoren olerki bilduman ezarriak izanen dira)
Hona hemen  pean  kronika  oparo bat Sabin Oregik  idatzia, bai, Lauburu  itxuraren argazkia eta gure taldetxoarena .
                                                                                                                             AZ


Larraldean sua eta irudi ederren artean
Azaroko atelierra Donibane Lohizunen suertatu behar zuen. Egun batzuk aurretik jakin genuen aldaketa izango zela, Lohizunen ordez, Senpereko Larraldea gune goxoan. Horren aurretik nire ametsak arrantzale hirian kokatu ziren. Gure kostaldeko herrietan modura, hemen ere historia ugari bizi ziren pirata eta kortsarioekin. Hori izan zitekeen Lohizunen bilera egin bazen. Hala ere pirata, ala piratu, moduan olerkari-bidaia hau egitea deliberatu nuen.
Pirata-piratu honek bere lau gurpildun ontzian, ia itsas-ontzia zirudien euritea gainditzean. Bidean, Donostiako “kaian” beste marinela jaso zuen: Eukene. Eta elkarrekin bide “luzea” ekiteari aurre egin zioten. Tartean ekaitza nozitu zuen Tom-Tom gailuak. Norabiderako ez bada garrantzizkoa, bai bederen bidean aurki daitezkeen gorabeheren kontu izateko. Larralde aurretik igaro eta Urdazibiko Dantxarinean bazkaldu genuen, aurretik gure “las vegas” partikularrari “bisita” egin ondoren. Ez genuen gaizki bazkaldu, baina itxaron aldia, … beste kontu bat da! Ez dakit dortoka darabilten garraio sistemaz baliatzen ziren, edo baratzera joan ziren letxuga eta tomateen bila (horien hazkuntza itxaron eta guzti), eta oilaskoa ehizatzera joan ziren, edo arraultzatik jaiotzea itxaron!? Zoaz jakitea!
Arratsaldeko hiruretan zegoen jarrai biltzeko tenorea. Gu zerbait berandu heldu ginen, kontu hartu bidaia euripean egin genuela, eta bazkari zelebrea bizi ondoren. Auxtin, betiko moduan jada bertan zegoen. Autoa kanpoan. Bera Larraldearen barnean. Deitu “Auxtin!!”, eta urruti entzuten da erantzuna. Zerutik zetorrela zirudien! Larraldea barneko goialdetik zetorren, benetan.
Larraldeako aterpe ederrean bildu ginen hirurok. Besarkadak eta ongi etorriak. “Zatozte gora”, erran zigun gonbita modura gure Auxtinek. Bere atzetik, bere pausoei so eginez, gora igo ginen. Eskailerak igotzerakoan gela batetik argia zetorren. Gero eta handiagoa. Gelara hurbildu, eta … itzeleko ezustekoa!: lurrean paper zuri ugari, berrogei-ta-hamar bider berrogei-ta-hamarreko koadro zuri ugari. Haien goiko zatietan argazkiak denak ezberdinak! “Gaurko saioan denon artean irudi ba aukeratuko dugu, eta horretaz, gero, gure etxeetan irudiak bizi izan digun sentsazioa adieraziko dugu”, azaldu zigun Auxtinek.
Paperak bi errenkan prestatuak ziren, erdian ibiltzeko tartea erakusten. Lurreko korridore honen eskuinean zein ezkerrean paratuak zeuden argazki lerroak. Ibilaldia abiatu genuen puntuan, eskuinean, mendiko lurrean ageri zen zulo bat bere bazterrak harrian indarrez zulo ilunari hertza ematen. Ezkerrean, marika edo txori-malo bat etxe egitura baten aurrean. Horrela, poliki poliki irudi guztak bizi genituen.
Bi pirata modura Eukene eta biok abiatu gara, gure (itsas-)ontzian. Orain hiru pirata gaude hemen Auxtin kontuan hartuta. Hiru pirata, Auxtin maisuaren gidaritzan bilduta Larraldeako itsas-ontzian. Batzuetan, nire burua galdetzen du ea olerkiaren mundutik gertu gaudenak pirata izan beharrean ez ote garen piratu batzuk. Bai ondo irakurri duzu, piratuak! Horrelako zerbait izan behar dugu, arestian idazluman laguntzaz, eta egun ordenagailuaren laguntzaz, hitzak bata bestearen ondoan biltzen. Biltzen mezuak, esan-nahiak, hitz elkarketa bereziak,… biltzen. Batzuetan edertasuna sortzen eta lortzen, besteetan, ordea, tamaina erraldoi duen hanka sartze galantak ematen. Bai, emaitza hori (ederra izan edo ez) egiten saiatzen garenok piratuak gaude. Oraingoan pirata-piratuok argazki izugarri politen itsasoan murgildu ginen, kanpoan, Larraldearen kanpoan, euria eten gabe, batzuetan indar gehiagorekin, besteetan eztiago, ari zen bitartean. Irudien itsaso ederrean, ezin ederrean murgilduta, singladura berria abiatzen dugu. Gogoz gainera, eta modu goxoan Auxtin irudien egilearen maisu-gidaritza pean.
Modu oso goxoan, eztiki, behatzen ditugu argazkiak. Irudi hauek, benetan, ferekatzen digute begiak. Zaila da bat aukeratzea, denak ederrak. Egileak ez du bere burua merituen jabe deitua izatea “ni hor nintzen, eta kamera eskuan nuen”. Inoiz argazkiak egin dugunok ulertzen diogu esan nahi duena. Baina, hala ere hor egotea ez da nahikoa. Jabetu egin behar zara zer ari den gertatzen begien aurrean. Duen distiran, indarrean, …Erreflexu bixkor hori izatea da irudigile handien doaia, eta Auxtinek ondo erakutsi izan badu, oraingoan bere teknikaren menperatzea agertzen du.
Artean Ainara ez da heldu. Singladura honetan abiatzeko, argazki bat, gero Ainara heltzen denean aukeratuko duguna, izango dugu “puntua”. Ez gara bertsolariak, baina, gure atelierretan bapatean olerkiak idaztea dago gakoa: atelierretan bederen bapatean idazten da bai. Ibilbidea egin, bizipenak jaso,… sentsazioak bildu. Jaso ditugun sentsazioak idatzi, idatziz azaldu, idatziz eman. Oraingoan gure nabizagioa Larraldea barnean egingo dugu. Baina gure sentsazioak, irudimena,… ez dira soilik barnean egongo. DeLancre-n sorginen modura, erratza hartu, gainean eseri eta munduari bira ugari emango diogu. Horretarako, aurrena, Su potolo, eta magikoa egitea da.
Gure sua ez da Zugarramurdiko leize zabal barnean egingo. Ez, gurea Larraldea gune goxo honetako sutondoan. Bi sutondo paratu dituzte sukalde-egongela edo kalaka egiteko gela xume bezain ederrean! Suaren adarrak magia ematen diote arratsalde euritsu eta hotz honi. Xarma, eta, nola esan, modu batetan, egonaldia kuttun bilakatzen da!
Ainara, beranduago helduko zela adierazi zuen. Eta azkenean, erran moduan heltdu da, kantari. Ainararen jazte moreak bat egiten du Eukenek daraman artilezko bufandarekin.
Ainarari azaltzen dizkio berriro Auxtinek irudiak. Bertan ikusten dena? Ez!, idea, bakoitzak jaso dugun sentsazioa idatziko dugun olerkian azaltzea da egin beharreko lana. Gehienez argazkiren batean, ardiak argazkiaren horizontala hartzen duten horretan, atzetik ume bat, bere makil eta guzti, aurrean, bide-gurutze batean ama (?), emakume bat bederen, trafikoa arditeria eta umea igaro bitartean zaintzen. Ura, harriak, zenbait alditan zaldiak (edo pottokak?), katua, eta paisaia. Natura da irudi guztietan azaltzen dena. Paisaia baten erdian drom txuri bat; ondoan, zerbait ezkerrerago eta beherago agintzen duena bere antena luzeaz ere argi somatzen dira paisaia ederrean.
Irudi guztiak ikusi eta “bizi” ditugu. Denak lurrean zeuden paratuak. Bi errenkatan. Guk erdian ibili gara alde batera eta bestera begira. Argazkiak bildu ditugu, multzo bakarra egin. Irudia horma begira. Irudiak, musean jolasteko karten modura nahastu ditugu. Behin eta berriro. Orain esku “inozenteak”, esku inozenteak, bat atera behar du. Lehen argazki bat, paisaiaren erdian droma duen argazkia azaldu da. Aho batez irudi hori zaila izango genuela olerkia sortzeko, beste bigarren bat atera dugu. Hau, ordea, miresgarria. “Auxtin, hau zer da” galdetu du berriro Ainarak. “Kalean ikusi nuen”, da jaso zuen erantzuna! Ainarak Auxtinen argi magikoak dituen argazkia eskuetan dituela “atera iozu argazki bat”, eskatzen dit Ainarak, “eta gero bidaltzen gaituzu bakoitzari”. Jaso, eta sukalde, egongela, bilera toki,…-ra jaitsi gara. “Askari ordua da”, adierazten du Auxtinek: txokolate beroa (kea dario), sagar-poltsa eta laranja poltsak daude, eta pastiza, euskal pastiza (gateau basque, “gateau” hitza eta Quevedoren hizkuntzako “gato”-renak antza dute, beraz: katua!) Guk euskal katua, bere barnean gereziz hornituta dagoena irentsi dugu gure askarian! Norbaitek basati deituko digu. Gainera, txokolate beroaren laguntzarekin!
Erabilitako tresneria garbitu, eta lehen zegoenaren antzarekin laga ditugu gauzak. Ainara lehenago abiatzen da “lehengusuekin biltzeko”. Eukene, Auxtin eta hirurok jarraitzen dugu denbora pixka gehiago.
—Auxtin, abenduan ez al dago atelierrik? Egingo balitz, egun hori inuzente santuen eguna da!

—Pentsatu genuen, baina data horietan, agian jendea ez zela bilduko beldurrez, hor geratu zen gauza… Baina zuek zerbait eratu nahi baduzue (Eukene eta niregana begira), zerbait egin daiteke. Zergatik ez? Zerbait pentsatu eta azaldu idea; eta gero Ainarak guztioi bidaliko digu zuen proposamena!
                                                                           Sabin OREGI






************************






**********************************************







"Hatsa"ren 10 garen olerki tailera, Juankar Mugartzarekin




URRIAREN 26KO HATSAREN OLERKI TAILERRAREN EGITARAU BERRIA
Urriaren 26an, larunbatarekin, Altsasukoen alde egin behar diren mobilizazioek HATSA ELKARTEAk egun horretarako Iruñean deitua duen Olerki Tailerraren egitarauan nahitaezko aldaketak edo moldaketak egitea eskatzen dute.
Hau da behin betiko egitaraua:
URRIAK 26, "HATSAREN POESIAREN" ATELIERRA IRUÑEAN
Elgarretaratzea: 10:00etan Iruñeko Gaztelu Enparantzaren KIOSKOAN: lehenengo hitzak Hatsaren Iruñeko Kaierrean jaso. Zer dela eta etorri naiz atelierrera?
Goizeko Ibilbidea: 10:30 - 12:00ak arte: Iruñeko kaleetan zehar ibilaldia MEDIALUNA parkeraino itzultzeko berriz GAZTELU PLAZARA.
Idazteko unea: 12:15 - 13:15ak arte: Gaztelu Plazako HEMINGWAY TXOKOAN ordu bateko atsedena olerkiak idazteko.
BAZKARIA: CAFE IRUÑA Kafetegian 13:30 - 14:30 = Bazkaltzera gelditu nahiez gero, izena eman behar da URRIAREN 23a, asteazkena, baino lehen gune elektroniko honetan: 
https://www.facebook.com/groups/378983999457152/ Bazkariaren prezioa 17 euro.
Bazkalondoa: 14:30 - 16:00 arte: HEMINGWAY TXOKOAN goizean idatzitako olerkiak errezitatzeko unea.
Agur ekitaldia: leku berean 16:00etan: idatzitako olerkiak eta norberak nahi dituen hitzak Hatsaren Iruñeko Kaierrean jaso.
Juankar Lopez-Mugartza-k gidatutako okerki tailerra


***********************************

Uberan agertu ageria:

http://www.uberan.eus/?kaia/frontpage/2

****************************

Juankarren elkarrizketa " Xaloa" telebistan
lotura hemen : 
https://www.youtube.com/watch?v=Q7oQsTbnJvM



"Hatsa"ren 10 garen olerki tailera, Juankar Mugartzarekin, Iruña hiri erdian
Goizeko hamarrak dira, eta Iruñeko Gaztelu enparantzan Hatsa kideak biltzeko tenorea da. Hamabi bildu gara. Nahiko ondo bete dugu biltzeko ordua. Euskal Herriko bazter askotatik bildu gara bertan. Batzuk Iruñea bertatik heldu dira, Nafarroatik, eta besteak, Iparraldetik eta Gipuzkoatik. Oraingoan poesia lantzeko bilkura hau Juan Karlos lagunaren eskutik joan da.
Bertaratutakook lehen urratsak enparantzan dagoen kiosko gainera eskailerak igotzeko eman ditugu. Bertan Juan Karlos hasi da bertako historia histerikoa agertzen. Historia gehienak dira histerikoak. Azaltzen zizkiguten kontuak ulertzea zaila egiten zen, beste talde bat ere bertan zegoen beste narrazio bat egiten. Bi mezu-emaileen bozak nahasten ziren. Jaitsi eskailerak eta enparantzako aulki-luzetan ezartzeko asmoa genuen. Guztiz zaila. Eserlekuak bustita zeuden. Eguzkiaren lehen printzek bere indar ahularekin ez zituzten lehortu artean aulkiak. Gauean ez zuen euririk egin. Hego haize epela. Baina hala ere dena bustia! Landaredia fresko zaintzeko ureztatze gailuak izan dira triskantza bustiaren erantzuleak. Leku berri bat pentsatu: Iruña kafe-aretoa. Arestian Hemingway idazle-edale estatu-batuarrak lagun zuen txokoa. Horregatik aretoan bertan, barruan, gune bat haren izena daramana dute.
Iruña kafe-aretoan bildu gara, txoko bat aukeratu dugu, bazterrean. Bertan kaleko eguzki-argiak gozo ferekatu gaitu. Epelean Juan Karlosek eskuetan ipini digu zeregina: Zergatik etorri naiz Iruñeko atelierrera? Bata bestearen ondoren joan gara, eskola-umeak bagina bezala, eskatutakoa idazten. Hamabi ginenez… denbora pixka eman dugu zeregin horretan. Guztiok txintxo-txintxo bete dugu eskatu lana!
Atera, eta monumentu zenbait: Gaztelu enparantzaren inguruetan errege nobleak edo hildakoak gogoratzeko ezarriak diren monumentuen bidez, ezagutu dugu haien istorioak. Bada beste eskultura-multzo luzea eta zabala entzierroei eskainia. Bertan ere agertzen diren zezenak hildakoak irudikatzen dituzte, erahilak izan diren zezenak alegia.
Iruñea pixka bat ezagutzeko txangoak aurrera darrai. Iruñean media-luna deitzen duten parkera jarraitu dugu. Bitartean, iturri-magikoa ikusi dugu (ez du magia egin izan nahi gure aurrean, zer egingo!). Iruñetik, Arga gainetik, Argain honetatik so egin dugu Iparraldera. Ezkaba mendia, Antsoain, Burlata, Arre, eta azkenik Altzuza, Oteitza eskultore Oriotarrak Nafarroan bizitzeko eta lan egiteko aukeratu zuen herria. Bertan bere omenez, kontu eta komeria asko jasan ondoren Museoa Jorgeren izenean dago. Eraikin hori poxpolo kutxa balitz bezala txuri-txuria azaltzen da mendiaren erdian, begiarentzako ukabilkada edo ostikoaren gisa. Beste eraikin bat, guztiz gure eskuinean, zuhaitzen hostoek ia estalia, gurutzearen antza duena. Nola ez abadeak prestatzeko gunea, hau da, seminarioa.
Goazen aurrera. Argain honetan Iruñarrek parke goxo eta kuttuna sortzen jakin dute. Zuhaitzen gerizpean, gurutze misteriotsu, eta abangoardista agertzen da begien aurrean. Ikusitako eraikin eta parke berezi hauen egileak nork ziren Juan Karlos eta Josu, nagusiki, beste iruñarren laguntzarekin txukun azaldu ziguten. Ez ditut izenak gogoratzen. Egile haiek, agian haserretuko dira. Barkamena eskatzen diet (berriro ere gerta daiteke!).
Denborak aurrera darrai. Bazkaltzeko tenorea gainera dator, oraindik ordu erdiko ibilbidea dago jatetxeraino. Poliki-poliki, hurbildu gara Iruña kafe-aretora. Bertan bazkalduko dugu. Mahai pilo bat elkartzen dituzte asko garenon gure gosea asetzeko. Hamabi ginen jira-bira goizetik. Bazkaltzeko hamahirugarrena bildu da. Gurekin bazkaldu ondoren. Gune magikoak erakarrita Iruñean idatzi behar ditugun olerkiak lantzeari ekin diogu. Isilik. Eulia ere ez zen entzuten, lumak paper-gainean tinta zabaltzen entzuten da bakarrik.
Banaka, goizean idatzi dugun kaierean, arratsaldean bakoitzak orritxo batetan, zirriborro modura, sortu dugun lana argi idatziko dugu historiak ezagutu dezan zer idatzi genuen egun horretan Iruñan.
Taldeko lau Lizoain herrira abiatu gara, taldeko Ainara bertan sortu duten Kontakizun laburren lehen lehiaketan saridun gertatu da. Euskarazko ataleko saria jaso behar du. Laguntzen dugu. Ingurua hunkigarria da, herri txiki bat. Hiritik urrun ez dagoena. Bertan irakurle talde bat. Bi hizkuntzak darabiltzate irakurleek. Denek ez dakite euskaraz. Moldatu da irakurle talde hau Kontakizun laburren lehiaketa egiten, eta sari-banaketa egin aurretik, eta ondoren, koru batek belarriak ondo goxatu zigun. Eguna ezin izan politagoa!


                                                                                            Sabin Oregi
Talde argazkia
                                                                                         

Josu  Jimenez-Maiaren argazkiak hemen daude :




Beste argazki batzu:
Argazkian,  Lizoaineko ekimenean, Ainara Maia Urroz,  irabazleak eta epai-mahaia osatzen duten irakurle taldekoekin.




Eukene eta Ainara, Iruñan, urarekin jolasean 

Juankar eta bere anaia Eñaut


Juankar eta Josu


Eukene, Joxemari, Eric, Ainara, Aingeru


Juankar, Auxtinen eskutik, "Hatsa" elkarteak eskaini 
Neolitiko harri landu baten  eskuratzen 




**************************


 Ainararen liburu aurkezpenean
aurkitutako lagun batzu 



**************************


10 garren olerki Tailera Itxaro Bordarekin



Bildumatxo bat

Poesiaren arreba "ekintza" omen da, eta, bere ama "sormena"

Itxaro Bordarekin, udazkeneko arratsalde eder, eder honetan iragan dugun olerki tailerako ekarpenak , Urdazuri-ren iturburutik sortu ur zehargi eta jauzikorraren eitekoak izan zaizkigu ... Itxarok, Poesia, lur arrasetik , kasik ulertu ezingarriki bezala sortzen dela erran zigun, bere oinarriak inkonzientziaren eremuetan finkatuak direla, berdin gaueko ametsetan , eta oroz gainetik heriotza eta gerlaren trauma guzien transzendentzien eraginetan. Beste asko ikuspen aberats ere instantez instante Urdazuriko ur bazterreko uretan, miraila batean bezala eskaini zizkigun. Ez dugu deusik idatzi gure artean, eta bere eta berarekin agertu ditugun pentsamenek gainditu zituzten elkarrekin iragan ginituen 5 orenak. (Badakit, pertsonalki, taileran trukatu hitzek ez nautela lo oso baten egitera utzi.)
Baina ez kezkatu, jadanik zer igorriko dugun datoren olerki bildumarentzat, gure buruetan idatzia dugu.
- Poesiaren arreba "ekintza" da, eta,"sormena" bere ama - zion Saint John Perse-k
                                                                         AZ


********************************                                             
Sabin Oregiren kronika 
---------------------------------------------
Larunbateko atelier-erako bilera oso betea somatu nuen. Larraldea-ra heldu eta segundo gutxira ailegatu zen Itxaro, aspaldian ez genuen elkar ikusten. Besarkada beroetan geundela heldu zen Graxi bere autoan. Hirurak biltzen ari ginela, Auxtin Larraldea baserriko itzaletatik atera zen, zirkoan aztiaren magiaren modura. Ta-txan, jada lau bildu ginen. Zerbait geroago Ainara Irunetik heldu zen.

Bostok auto batez, Auxtinena alegia, abiatu ginen Senpereko herrigunera. Bertan utzi autoa, eta parke berezi baterako bidea hartu genuen. Bidean Akerretako errotan geratu, eta zerbait gogoratu herriko historia: errotak, sorginak, (aipua eginez De Lancre personaiaren betebeharrean sorginen historiaren sorkuntzan, segur bere “laguntza” gabe ez genuen Euskal Herrian sorginik izango gure historia histerikoan).
Akerretako errota mugitzeko Urdazuriko ur zati bat desbideratu, eta noski zubi andana sortu ere. Erreka zulo honen ura Senpereko eleiza nagusiaren azpitik daroa, etengabe.
Aurrean zelai zabal bat, duela urte gutxi, herriaren parke modura moldatzen hasi dena. Txukuna, zenbait eskultura inguratzen ibilbidea, eta erdian lauburu erraldoia, landarez landua, eta altueratik ongi ikusten dena. Gogora La Vuelta, duela egun gutxi igaro zenean lur hauetatik. Hemen Itxarok gogora ekarri zigun historian zehar zein arrazoinak eraman zuen gizakia poesia idaztea. Olerkia, ulertu nuenez, minatik sortzen da, gerraren ondorengoko minatik: jendearen galerak, ondasunen galerak, bizien galerak eta odolak. “Maitasunari eskaini poesia” kontua berria omen da. Baina, maitasunak ere, berak, mina dakar: maitez-mina. Ez ote gerraren poderioz galdutako maitearen mina?, olerkiaren sorreran dagoen mina? Galdera hor geratzen da. Bertan Itxarok eskultura baten biltzen saiatu zen Ainararen begiradaz zaindua.

Ibili zerbait, Urdazuri ederraren ondoan beste paraia ikusgarri bat arteraino: Zaldubia zuhaizpe ederreraino. Bertan duela berrehun bat urte lehenago eraiki ziren ura mantsotzeko egiturak daude, data bat ipintzen du 17xx (ez dut gogoan ipintzen zuen data). Bertako mahai batetan ipinita kalakan jarraitu genuen. Gauza aunitz ikasi ere. Mintzagai ugari, ere, zabaldu ziren egur sendoaz eginiko mahai eta eserleku haietan. Gehienak aireak eta urak eroango dituzte, beste batzuk, betirako, zuhaitz erraldoi haien artean gordeko dira, belarrietara xuxurkatzen. Bertaratukoei ideak zabaltzen, guri egin modura. Argi ikusten da hori Ainarak egin argazkian. Baina pixka bat geroago, Ainara bera da lamiaren modura ibaitik sortzen, dena dantzari.

Arratsaldea amaitzeko Larraldeara itzuli ondoren eman genion. Graziren sagarrak eta Auxtinek ekarririko piku more, krepeak, edateko txokolate beroa, …
Zein amaiera ederra arratsalde emankorrarentzat!

---------------------------------------------

Sabin Oregi Zarautz




Graxi Solorzano,Sabin Oregi, Ainara Maia, Itxaro Borda, Auxtin Zamora 









***************************


******************************************************

       

EGITARAUA   (Abuztua 1-17) 

   'Hatsa'-kideen eta beren lagunen arteko hirugarren erakusketa iragan da  , Senpereko Amotz-Larraldean, Abuztuaren 3 tik - 17 ra
Hor, elkartearen urteko olerki bilduman parte hartu duten   gehienen  testotxoak  110 bat kuadrotan, agertu  dira, lurrean etzanik ,Auxtin Zamoraren  argazki artistikoeri loturik .
-Zergatik lurrean etzanik ?
-Lurraren arrasean diren gauz maitagarrien gainean, maizetan,ez ohartuki pasatzen gira, alta, hor dira,... bai... bere azalean,zerutik erori guziak, euri, hosto, izar puskak..gu...gizakiak...,lur azalean ere, bere barnetik, ateratzen diren gure janariak, loreak,onddoak, urre errautsak eta abar...Haur ttikien eremu paregabea, ere, da, lur azala,

bere gainean, potikoka egiten baitituzte beren lehen urratsak eta jolasak. Olerkarien mundua, maiz, haurtasunaren eraginekin betea da. Horra zergatik, Hats-Arte erakusketa honen parte hartzaleek  uste dugun (beharbada haurrek amestu dezaketen antzera), gure idatzi eta argazkiek, lur gainean ezarriak izanez, beren lurreko sustraiekin bat eginen dutela.
''Hats-Arte''-rentzat, A.Z



 

 

      Gure aintzineko urteetako blogeak:


                      http://olerkarien-eguna1.blogspot.fr/

                   /http://olerkarieneguna2.blogspot.fr/

                   http://olerkarieneguna3.blogspot.fr/

                    http://olerkarieneguna4.blogspot.fr/

                     http://olerkarieneguna5.blogspot.fr/

                    http://olerkarieneguna6.blogspot.fr/

                 http://olerkarieneguna7.blogspot.fr/




























































































n

************************ OLERKI GALDERA Télécharger tout Olerkari laguna, Datorren urteko 22. "Hats...