Jon BARBERENA-ri





Agur t'erdi,

Dakizunez, Jon Barberena baztandarra udazken honetan joan zitzaigun. Olerkari gaztea irailaren hasmentan zendu zen, ondoezak jota, lagun guztiok aho bete hortz, eta bihotza bete samin utzirik. Bergarako Idazle Eskolan ibilia zen Jon, eta Tere Irastorzaren ekimenez, Jon Barberena zenaren omenezko ekitaldi xume bat eginen da Bergaran, abenduren 14an, eguerdiko 12etan.  Izoztu zitzaigun negu huraJon Barberena gogoan deitu diogu ekitaldiari.  Izan ere, Jon Barberenak Nafar Ateneoraren eta Iruñeko Udalaren artean antolatutako Iruña Hiria saria eskuratu zuen Izoztu zitzaigun negu hura liburuarekin. Liburuko poemak irakurriko dira Bergarako ekitaldian. Ekitaldia irekia da eta Jon Barberenaren olerkiez landa, kantuak, dantza, koreografia eta bertze eskainiko dira. Bergarako UNEDen dugu hitzordua, San Martin Agirre plaza, 4.

Bergarako ekitaldia 


Bergara, abenduak 14. Eguna heldu da. Eguerdiko hamabietan, UNEDeko aretoan, Idazle Eskolak omenaldia eskaini dio bertako ikasle izan zen Jon Barberena Ibarrari, bertan Barberenak graduondokoa lortu baitzuen. Aurretik, Kirol Hezkuntzan diploma eta Kultura eta Gizarte Antropologian lizentzia eskuratuak zituen.
Kultura alorrean bertsolaritzan jardun zuen lehenik, eta 2004. urtearen ondoren zenbait txapelketetan parte hartu zuen; Nafarroako bertsolari txapelketan, 2007 eta 2008 urteetan txapeldun-ordea izan baitzen. Olerkigintzan, ere, aritu zen Barberena eta bi sari irabazi zituen: 2016an “Iruña hiria” Nazioarteko poesia saria —Izoztu zitzaigun negu hura—, eta 2018an Mungiako Udalaren Lauaxeta olerki sariketa irabazi zuen —Neguko gaba—.
Bertsolaritza eta olerkian biziki aritu zen Barberena; horrez gain kultura ekintza ugarien bultzatzaile izan zen. Aldi berean bere hitzak Nafarroako zenbait hedabideetan irakurri izan dira.
Kultura eragile honek Bergaran jaso du omenaldi xume bat, eta Idazle eskolaren izenean eta Nafar Ateneoaren izenean, bertan Tere Irastorza, Josu Jimenez Maia eta Itziar Gomezek azaldu zieten bertaratutakoei nolakoa izan zen Jon Barberena. Ondoren, egungo eskolako ikasleek, zenbait ikasle ohik eta letren munduko beste hainbeste pertsonak, asko elkarren ezezagun izanik ere, Izoztu zitzaigun negu hura izena daraman liburuko olerkiak irakurri zituzten. Irakurraldiaren tartean Julio Soto bertsolariak bertso batzuk kantatu zituen. Sarrerako hitzetan Josu Jimenez Maiak Jon Barberena nor izan zen aipatzerakoan, gogoratu zuen letra munduko langile eta sortzaileek duten lankidetza. “Testu perfektua idazterik ez dago, perfekzio bera ideal hutsa delako. Idazleak bere buruarekin negoziatu behar du idazlana, itzultzaileak idazlearekin, zuzentzaileak idazlearekin.” Hori adierazten omen zuen duela hamar urte hil zen Iñaki Ugarteburuk, berrogeita hamazortzi urte baizik ez zuela. “Eta olerkariak?”, galdera egin zion Jimenez Maiak entzuleari. “Norekin negoziatu behar du olerkariak?”, berretsi zuen bere galderan. “Joan Margarit katalanak dio poesia literaturarekin baino musikarekin behar dela lotu… Poesia horixe baita, musikaren eta literaturaren arteko hibridazioa… Poetak orduan, isiltasunarekin beharko du negoziatu. Norekin, isiltasun anderearekin ez bada?”
Geroago “finean, poesia, isilune andana bat, egoki txertaturiko isilunean baino ez da” azpimarratu zuen Jimenez Maiak eta amaitzeko gogoratu zuen: “paradoxikoa bada ere, Jonen poemak errezitatzerakoan, isiltasunaren apologia egiten dugu”.
Ekintza xume honekin Jon maite zuten guztiekin bat egin nahi izan dugu; lortzen badu Maiderrek, Garoak Adeik eta Jonen gertuko guztiak pairatzen duten une latz eta zail hau askoren artean partekatuta dagoela azaltzea, edo zertxobait arintzea bederen, balio izanen du.

Testua: Sabin Oregi


Irakurraldian parte hartu zuten: Amaia, Mikel, Mikel, Iraitz, Tere, David, Juantxo, Julio, Matxalen, Ainara, Arrate, Lierni, Aintzane, Isa, Lauri, Gure, Ines, Josu, Sabin eta Itziar.



























































































************************ OLERKI GALDERA Télécharger tout Olerkari laguna, Datorren urteko 22. "Hats...